XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jimmi furgonetariaren ahots zakar bezain indartsuak atera zuen pentsamenduotatik:

- Ja, ja ja, atzo ere gaupasa... Ja, ja, ja, betikoa... astoak bezala edan, eta etxera goizeko seietan kristoren atxurrarekin eta txurroa busti gabe, ja, ja...

Jimmik ez zuen izaten, sexua izan ezean, bestelako gai askorik.

Horretaz ere laster konturatuko zen Markos.

Gainerako bidaialagunek, Markosek izan ezik, gogotik egin zioten barre Jimmiren burutazioari.

- E, hi! isilik egon, astapotro hori! - defendatu zen ahal bezala Txaflis.

Gazteena izatea begibistako desabantaila zen berarentzat.

Ikusiko duk bai Vigon nola ligatzen dudan.

Han ez diat ez hutsik egingo.

- Heuk ligatzen baduk seinale ezin hobea besteontzat ere -hartu zuen hitza, serio-serio, ordurarte aparte samar zihoan Rober bateriajoleak.

Barreak gero eta handiagoak ziren furgonetaren barrualdean, gidarienak ia beldurgarriak, eta Markos ere pozik sentitzen hasi zen.

Tipo haiek sinple samarrak izaten ahal ziren, baina aldi berean sanoak ziruditen.

Anaiarekin askotan gertatu bezala, beraien alaitasuna benetakoa zela irizten zion, eta ez bere bulegoko lankideen txisteei zeriena.

Ez zitzaion hainbeste gustatzen, baina, erdian joatea.

Edozein gauza egin behar zutela, egunkariak elkarri pasa, beraien artean hitz egin, molestatu egiten zuten beti.

Zakarrak ziren ezbairik gabe, berak nahi baino askoz ere zakarragoak. Zakarrak eta lotsagabeak.